Aro digital gorri-gorrian bizi gara. Mundu guztiak eraldaketa sakonak izan ditu eta izaten ari da. Era ezberdinean egiten ditugu erosketak, dibertsioa, komunikazioa, lana edo ondasun eta zerbitzuen gauzatzea. Eta enpresen (marken) eta kontsumitzaileen arteko komunikazioa ere aldatu egin da.
Gertaera digitalak berarekin ekarri ditu tresna berriak, plataformak eta komunikazio teknikak. Teknika horiek demokratizatu egin dute hedabideetarako irisgarritasuna. Lehenago, publizitate kanpainetan, TB edo irratietan diru kopuru handiak inbertitzeko prest zeuden konpainien esku bakarrik zegoen hori. Orain tresna horiek ia-ia enpresa guztien eskura daude. Web gune bat sortzea, blog bat idaztea, sare sozial batean orrialde bat irekitzea edo Googlen kanpaina bat diseinatzea horietako batzuk dira.
Ardoaren arloak (horrela ulerturik upategiak eta eta enoturismoarekin zerikusia duen oro -ostalaritza, alojamenduak, turismo zerbitzuak … baita industria laguntzaileak ere-) erronka handiak ditu aurrean. Euren marketin, komunikazioa eta merkaturatze estrategiak era digitalera egokitzea da horietako bat.
Nire ustez, lau elementuk markatzen dute ardoaren munduaren eraldaketa.
Pertsonak erdigunean jartzea
Garrantzitsuena ez da ardoa, botila, etiketa, upategia, edo lurraldetxoa. Garrantzitsuena pertsonak dira, kontsumitzaileak, bezeroak. Haiek badituzte beren hautemateak, erosketarako motibazioak, kezkak, zalantzak, gustuak eta lehentasunak. Euren biziak dituzte, eta markek ulertu behar dute zer paper duten horietan, nabarmenak eta garrantzitsuak izatea lortzeko.
Desberdintzea
Produktua desberdintzea, ardoa izan, turismo jomuga edo eskaintza gastronomikoa izan… luze hitz egindako kontua da Arabako Errioxan. Baina ez da nahikoa. Komunikazioak eduki bakarrak sortuz desberdintzeko aukera ematen digu. Baina horretarako ardoaren munduak ohikoak izan ez dituen baloreen eta kontsumo testuinguruen inguruan elkartu beharko luke, batez ere, tokiko eremuko edo estatu mailako kontsumoa eta belaunaldi berriena gainditu nahi badu. Polita litzateke ardo marka bat musika jaialdi bat babesten ikustea, bideo jokoen munduarekin elkartzea edota ohiko ereduetatik at dauden proposamen gastronomikoekin (pizza, hanburgesak, tofua, Asiako janaria, fusio sukaldaritza…).
Inbertitzea
Egia da komunikazioan sartzeko mugak aro digitalean gainditu egin direla ia-ia, baina horrek ez du esan nahi komunikazioa doan denik. Komunikazio digitalak teknologian, produktuak ekoizten edota zabaltzen inbertitzea eskatzen du. Komunikazioa ez da apaingarriak egitea edo zerbait osagarria. Estrategia eta komunikazio plan egokiek nabarmenago egingo gaituzte, desberdin, gure markarenganako joera sortuko dute, eta ondorioz, banatzailearengan edo azken kontsumitzailearengan gurea erosteko joera handiagoa sortuko dute
Formazioa
Formaziora iristea egun inoiz baino errazagoa da. Sarean baditugu blogak, ebookak, MOOC-ak eta beste baliabide batzuk ikastea ahalbidetzen digutenak eta, doan ez badira, merke-merkeak direnak. Markek beti izanen dute profesional espezialistengana jo beharra, baina beren gain ere har ditzakete zenbait komunikazio lan, inguruarekiko komunikazioa kudeatzeko.
Hain zuzen ere, Arabako Errioxako Campus Enogastronomikoa ardoaren munduko, turismoareneko eta inguruko industrietako profesionalak gaitzeko beste tresna bat da. Otsailaren 27 eta 28, eta martxoaren 1ean, “komunikazio digitala eta on-line marketina emango dut, eta 15 orduan zehar gai hauetan sakonduko dugu, eduki teoriko eta praktikoen bidez.
Miguel de Andrés Frías
Zuzendari Sortzailea eta komunikazio digital sorkuntzako formatzailea.