Arabako Errioxaz hitz egitean, hura definitzen duten hainbat hitz datozkigu burura: ardoa, upategiak, artea, gastronomia, natura, arkitektura, historia, kirola, ametsetako paisaiak… Ehunka hitz haien karakteren batuketatik harago doazenak, izan ere, milaka lagunen bizipen eta historia askotarikoak adierazten baitituzte, lokarri berak lotuak: ardoak.
Horregatik, eta beste gauza askorengatik ere bai, enoturismoaren munduan jomuga garrantzitsuenetako bat da Arabako Errioxa. Mahastizaintza eta ardogintza lurralde bikainenetakoa, turismo enogastronomikoaren munduan proiekzio handia eta ibilbide luzea dituena.
Aitzindari izan ginen eta hala izaten jarraitu nahi dugu abangoardia honetan. Ardoaren mundua gastronomiatik askoz harago doa. Inguratzen duen hori guztia, eragiten duen guztia da. Mundu sentibera, sentikor, bizipen sortzailea eta bertan xehetasunak zaintzea ezinbestekoa da. Arabako Errioxan enoturismoa ez da turismoa soilik, esperientziak dira, oroitzapenak, gure ostalari izandakoen oroimenean irauten duen arrasto ezabaezina. Horretarako, hemengo jendearen egite onaz gain, eskarmentuari formazioa gehitzen badiogu bikaintasuna lor dezakegula uste dugu.
Bilaketa honen ondorio da “Ezagutza Urteko-Uzta”, ezagutza kudeatzeko sarearen beharrari erantzuteko sortutako gunea, ikasi, bizipenak partekatu eta arlo enoturistikoarekin harremanetan jartzeko, horrela, gure bisitarientzako berealdiko bizipenak sor ditzagun.
Harremanetan jarri, ikasi, joerak hauteman eta bizipenak partekatzeko modu berri honi enoezagutza deitu diogu. Fokatzeko modu hauek beste ikuspegi eta aukera batzuk eskaintzen dizkigute aurrera egin eta Ardoaren Turismoaren abangoardian jarraitzeko.
Lau hankak eusten diote irmo Ezagutza Urteko-Uzta guneari, eta alor enoturistikoan partaide diren agenteei 360ºko ikuspegi zabala eskaintzen die, munduari irekia. Hortxe ditugu Arabako Errioxako Campus Enogastronomikoa, bertako eta nazioarteko aditu nagusienekin egindako formazioaren eta profesionalen arteko harremanetarako espazioaren nolabaiteko nahasketa den topagunea, edota Enoturismo Foroa, inspiraziorako, joerak hautemateko eta networking-erako gunea, alegia.
Ezagutza-Pilulen bidez urte guztian zehar luzatzen den ibilbidea, enoturismoan diren azken joeren berri izateko eta turismoan erreferentzia diren eta Ardoaren Turismoan bereziki hala diren beste leku batzuetara bidaiak egiteko. Gure errealitatetik harago ikustea dute helburu eta bestelako ideiak egokitzea gure inguruabarrak eta idiosinkrasia kontuan izanda.
Gure lurraldeari Enoturismoaren Erreferente izaten lagunduko dion aurrerapena dela uste dugu. Arabako Errioxatik eta Arabako Errioxarako sorturiko proiektua, une ahaztezinak biziaraziko dizkiguten esperientziak eraikitzen jarraitzeko inspirazioa lortzeko asmoa duena.